Aurten, familia irundarrek laguntza handiagoak izango dituzte 'Erosi eta ikasi' programaren barruan

            Irungo Udalak jakinarazi duenez, uztail honetan, berriro egin da familiei ikasmateriala hiriko dendetan erosteko laguntzak emateko deialdia, 'Erosi eta Ikasi' programaren barruan. Horrela, uztailaren 4tik irailaren 30era bitartean aurkeztu ahalko dira eskabideak. Laguntzen bederatzigarren edizioa da aurtengoa, eta aurrekoek oso harrera ona izan dute: iaz, aurrekontua 146.274,42 euro izan zen, eta 1.549 ikasle ere izan ziren onuradun.

Hezkuntzako ordezkari Santi Jiménezek adierazi duenez, “ikasturtea bukatu berria da, baina orain hasi dugu programaren barruko laguntzak eskatzeko epea, denbora gehiago izateko eta familiak moldatzen eta nahi izanez gero tramiteak lasai egiten joateko. Betidanik, harrera ona izan dute laguntza hauek, eta, gure ustez, oso mesedegarriak dira eskolara itzultzeko gastuei aurre egiteko. Aurten, gainera, bada berrikuntza bat: zenbatekoak handitu ditugu”. Programaren edizio honetarako aurrekontua 200.000 euro da.

 

Hezkuntza zerbitzuak gogorarazten du egiten diren erosketen fakturak gorde egin behar direla, izan ere, eskaera egiteko unean aurkeztea beharrezkoa den bezala, prozesuan zehar ere eskatu daitezke. Uda honetako programa Irunen erroldatutako umeak dituzten familiei zuzentzen zaie. Derrigorrezko Hezkuntzan (Lehen Hezkuntza eta DBH) daudenak dira hartzaileak.

Diruz lagunduko diren gastuak ez dira aldatzen eta berberak izango dira; idazteko materialak, suntsikorrak edo ez suntsikorrak, hala nola koadernoak, orriak eta abar, sailkagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, bizkar-zorroak, testu-liburuak eta abar. Ikastetxeetako uniformeak edo Hezkuntza Fisikorako arropa zein oinetakoak, eskulanetako elementuak, Arte Hezkuntza, Hezkuntza Plastikoa eta Bisuala, Teknologiak edo Musika (argizariak, olioak, margoak, pintzelak). Diruz lagundu ahal izango diren gastuak eskola-materialak erosteagatik sortuak izango dira, eta betiere Irungo saltokietan edo ikastetxeetan erosiak 2022eko ekainaren 22tik irailaren 30era bitartean.

Hor sartzen dira baita ere COVID-19 pandemiak ikastetxera joateko ere derrigorrezko bihurtu dituen elementuak, alegia, maskarak eta hidrogelak.

Bestalde, Hiri-bultzadako ordezkari den Juncal Eizaguirrek programaren beste alde bat azpimarratzen zuen, hau da, herriko saltokietan erosketak bultzatzeari garrantzia ematen dio.  "Hiriko familiei ematen zaien laguntzaz gainera, Irungo saltokietan kontsumoa dinamizatzeko asmoz ere pentsatuta daude laguntza hauek. Ekimen hau neurri garrantzitsu eta berritzailea izan zen eta dagoeneko bederatzi uda daramagu programa hau eskaintzen, eta orain inoiz baino gehiago sendotu nahi dugu gainera, pandemiaren eraginez sektoreak behar handiak ditu eta."

Diru-laguntza horiek emateko, iaz bezala, hiru tarte egongo dira, eta tarte horiek errentaren araberakoak izango dira; hau da, familiak duen diru-sarreren arabera baliteke norbait deialditik kanpo geratzea, laguntzaren zati bat kobratu ahal dutenak eta %100 jasoko dutenak ere bai. Zenbatekoak handitu dira, eta tarte bakoitzeko laguntzak 25 euro handiagoak izango dira aurreko ekitaldikoak baino: 150, 125 edo 100 euro.

 

Eskaera egiteko prozedura sinplifikatu egin da, familientzat tramitea egitea errazagoa izan dadin:

  • IrunTxartelarekin egiten da Irungo Udalaren Sede Electrónica (irun.org/sac) bitartez (SAC 24h)
  • Autozerbitzu terminaletan ere egin ahal izango da, hemen:
  • HAZ bulegoko sarreran - San Martzial karrika
  • Palmera-Montero gunean
  • Anaka eta Kateako Kutxabank bulegoetan
  • Aski da erosketako fakturak edo tiketak eskura izatea (ez da beharrezkoa eranstea) eta laguntza jasotzeko erabiliko duzun kontu zenbakia ere bai.

Covid-19 pandemiak eragindako egungo egoera kontuan hartuta, gomendatzen da eskaera egiteko azken unera arte ez uztea eta era horretan pertsona asko elkartzea eta jende pilaketak gertatzea saihestuko dugu irailean tramiteak egiteko garaian.

Kudeaketan arazoren bat duten haiek 010 - 943 505152 telefono zenbakira dei dezakete eta online tramitazioan lagunduko diete. 010 ordutegia ondorengoa da: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik - 19:00etara,  eta larunbatetan 08:30etik 13:30era.

Kale Izendegia Guardiako farmazia
X